La diversité des personnalités, l’autonomie et l’esprit d’initiative, voire le goût de la provocation, sont les garants de la créativité et de l’innovation
— Jacques Delors

 

Ikastetxearen hezkuntza-misioa ikasleak bere dimentsio kognitibo, sozial, emozional eta fisikoan garapen osoa lortzea da; bestela esanda: ikaslearen giza gaitasunen garapena.

Ikasleen gaitasunak erabat garatzeko, gure hezkuntza-proiektuak Heziberri 2020 Planean garatutako konpetentzien ikuspegia aplikatuko du. Plan hori UNESCOren hezkuntza-printzipioen barruan dago.

Hizkuntza-komunikaziorako konpetentziaren barruan, ikasleak Euskal Herriko hiru hizkuntzetan (euskara, frantsesa eta gaztelania) komunikatzeko konpetentzia lortzea zehaztu da helburutzat; gainera, horrela, hiru hizkuntzetan ahozko eta idatzizko adierazpen egokia lortzeaz gain, kultura humanista sendoa ere eskuratuko dute. 

Larrun école basco-françaiseren hezkuntza-proiektua, gaur egungo haurren beharrei erantzuteko eta haien garapenean laguntzeko sortu da. Reggio Emilia, Montessori, Waldorf, Freinet eta antzeko mugimendu pedagogikoetan inspiratuta, gure proiektua Mondragon Unibertsitatearekin (MU) elkarlanean eraiki da, gizartea eraldatzen duen herritartasun kritikoa, parte-hartzailea eta demokratikoa eraikiko duen eredu pedagogikoa bat proposatzeko asmoarekin.

 


IRTEERA PROFILA

École Larrunen misioa aurrerago aipatuko diren zazpi ezaugarri pertsonalak izango dituzten pertsonak heztea da.  Zazpi ezaugarri hauek osatzen dute gure ikasleen irteera profila eta honek, XXI. mendeko erronkekin lotuta, ikasleek beren prestakuntza ibilbidearen aldia amaitzean lortu behar dituzten funtsezko konpetentzien garapen-maila identifikatu eta definitzen du.

1.     Komunikatzaile eleanitz interkulturala.

2.     Ikasbera, kritikoa eta analitikoa.

3.     Aktiboa, moldakorra eta eraldatzailea.

4.     Ingurumenarekiko kontzientea, arduratsua eta konprometitua.

5.     Norberaren eta ingurukoen ongizatearen bermatzailea.

6.     Autonomoa eta erresilientea.

7.     Ingurune teknologiko eta digitalen erabiltzaile eraginkor eta arduratsua.

 

GURE HEZKUNTZA PROIEKTUA

École Larrunen proiektu pedagogikoa haurren garapena eta beharrak asetzeko sortu da.  Ikasleen irteera profila ipar dugun honetan, ezaugarri horiek garatzea ahalbidetuko duten hautu pedagogikoak hartu dira. Hala nola, proiektu eta erronken bidezko irakaskuntza, unibertsoak, hizkuntzen tratamendu integral eta integratua, taldekatze heterogeneoak eta ebaluazio hezitzailea.

Hizkuntzen erabilerari dagokionez, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan gela bakoitzak bi irakasle ditu; frantses irakasle erreferente bat eta euskara irakasle erreferente bat eta horiek egunka trukatzen joango dira. Gure helburua ez da ikasi beharreko hizkuntza bakoitzean elebakarrek duten gaitasuna lortzea, baizik eta hizkuntza bakoitzean gizarteko beharrizan jakin batzuei aurre egiteko adinako gaitasunak lortzea. Horregatik, egoera komunikatibo anitz eta desberdinetan eskolako hizkuntzetan mintzatuko den ikaslea hezi nahi dugu.

École Larrunen haur bakoitzari bere ezaugarri indibidualetarako eskola-ingurune egokiena ematea da helburu, bere ezaugarri eta beharrak edozein direla ere: hizkuntza-eskakizuna, talentua, gaitasun anitzak, jatorria edo eta bizitza ekonomiko eta sozialeko baldintzak. Diskriminaziorik gabeko eskola-giroa bermatu nahi da, guztion ahalmen intelektual, fisiko eta sozialak garatuz.

Espazioaren eta denboraren antolaketak gure praktiketan zuzenean eragiten duela kontuan hartuz, espazioak egoki diseinatu eta antolatzeak gure irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan garrantzia handia du. Horregatik, École larrunen, izaera naturalista (material naturalak erabiliz, etab) eta ikaskuntza eta garapenerako espazio irekiak nagusi izango dituen espazioak sortu dira. Denborei dagokionez, trantsizioei, hau da, jarduera batetik bestera pasatzeko tarteari, berebiziko garrantzia eskaintzen diogu. Trantsizio hauek egiteko, musika, ipuinak eta bestelako baliabideak erabiltzen dira.

 

Hezkuntza proiektuaren helburuak

  • Gure ikasleei pertsona autonomo, kooperatiboa, herrialde propio bati afektiboki lotutakoak eta hainbat kulturatan aberatsa den mugaz gaindiko ingurune bati lotutako pertsona gisa hazten laguntzea.

  • Pertsonaren garapen integralean laguntzea, eta emozioak adierazten laguntzea.

  • Eskola bat sortzea, non pertsona bakoitzak bere lekua aurkituko duen eta denok izango dugun zer irakatsi eta zer ikasi.

  • Haurren hizkuntza guztiak garatzea: hizkuntza komunikatiboa, adierazkorra, sinboliko-metaforikoa, logiko-kognitiboa, etikoa eta erlazionala.

  • Azken batean, kalitatezko hezkuntza sortzea, haurrak entzunez, errespetatuz eta haien ahalmen eta gaitasun guztietatik abiatuz, gure ikasleen onerako zabaltzeko.

 

Gure hezkuntza-proiektuaren printzipioak

Larrunek, eta, bereziki, bere talde pedagogikoak, konpromisoa hartzen du ikasleei egunerokotasunean laguntza emateko:

  • Haurren izateko moduak eta garapen-erritmo desberdinak errespetatuz.

  • Haurrei beren ikaskuntzaren protagonista izateko aukera, denbora eta espazioa emanez.

  • Iraunkortasuna garatuz, ikasteko, egiteko eta hazteko sentsibilitatea eta motibazioa indartuz.

  • Eguneroko jarduerak antolatzeko garaian, pertsonen erritmo biologikoak baloratuz.

  • Jolasari ikaskuntza-prozesuan protagonismoa emanez.

  • Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan hezkuntza-komunitate osoaren lankidetza bultzatuz: gurasoak, irakasleak, ikasleak eta ikastetxeko langile guztiak.